XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); oiñutsik eta berotzeko su bage dabil, lurrean lo egiten du, karriketan, bideetan.

Ugaritasunaren seme ere baita, bizkorra, ausarta, setatsua da, beti, on billa ta eder billa dabil, azpikerian eta asmakerian yaioa da, gezur-zuria, lilluratzaille ta zoragarria.

Ta ez baita jakintsu ez ez-jakin, ikas-naia du, ta Jakintasunaren adiskide da.

Maitasuna, Ona ta Ederra beregan idukinaia da, gizon guziek ere gogo dutena, guziaren izena maitasun-mota bati egosten diogun arren, edergintza-mota bati poesi (egintza) izena ematen diogun bezala.

Maitasun-mota berezi au ulertzeko, baitipat Maitasun esaten baitiogu, begi emaiogun onako oni.

Ba du ederrak alako erdi-bear bat, naiz gorputzari naiz animari dagokionez.

Anima ilkor bat ez-ilkor biurtzen da, bateratasunean ernatuz ta sortuz; eta ederra ernaldiaren zaindari da, Parka ta Lukina bezala.

Ortaz, Maitasuna eder-miña baño ere erdi-miña da edertasunean.

Edozein sorkaiek, sortukor ta ilkor danez, il ez-naia du, ta ernal-bidez bere bizia izate berri batean luzatzea.

Orrela biurtzen da ilkorra ez-ilkor, ilkorra atergabe aldabera baita.

Emendik sortzen da aipu-naia, onengatik eriotzera oldartu baitziran Alkeste gaisoa ta Akileu ta Kodro.

Gizona bikainago, eziltasuna maiteago.

Batzuk gorputzean dira ernaltzu besteak animan, eta oneengan ernaltzen zaizkie zuzentasuna, gogo-neurria ta on-indar oro.

Animako ernaltasun au poeta guziak eta edergilleak eta asmalariak ba dute; uria ongi zaitzen duten yaurleek, ordea, zuurtze aundiagoa dute.

Beregan ernal-min au daukanak, ta on-indarraren azia berekin deramanak ezagu begiak zabaldu orduko, izate ederren bat ernatu naiean dabil, eta itsutsitik berez aldegiten du.

Maiteago ditu bada, anima eder eta aundikia inguratzen duten gorputz ederrak.

Eta izaki eder eta maite orrekin bat egiñik bizi dala, animan daukan on-indarraren azia ernatzen du, ta argana derama, gurasoa semearengana baño maitatzarre itzaltsuagoz.

Ola ernatzen dira on-indar eta jakite-zituak: lanegin ederrak eta lege jakintsuzkoak, Likurgorenak edo Solon'enak edo.

Olako gogo-semengatik eraiki dira Elizak, beiñere ez gizakundezko semeengatik.

Ok dira maite-asierako lenen-mailak.

Maita-naia asi bedi gorputz bat bakarra maitatuz; ikuz beza berela, artan ez dagola edertasun osozkorik; beste gorputzetan bera dala, ta guzietan bat.

Onela, lenengoa bakarra maite izateari utziko dio.

Jakin beza, animaren edertasuna gorputzarena baño areagoa dala, ta anima egoki bat arkitzen ba du, gorputza ala ez izanik ere, erein bitza argan on-aziak, eta begira beza, ta arritu bedi jardunetan eta legeetan sortu dan edertasunarekin.

Bijoa gero jakingaien edertasunera, beti eder garaiagoaren billa, ez baten menpeko geldituz, edertasunaren itsaso baztargabean barneratuz, eta olako jakite ugariz unitu ta indartuki, begizta beza jakite bakarra, eder-jakitea bere baitan.

Eta maillez mail oneraño ekarria danak, gauza ederrak urrenez urren ikusiz, maitasunaren izkutu barnenetara eldurik, betbetan ikusiko du edertasun arrigarri bat.

Orren ordez, Sokrates, eramankizun baitira aurreko nekeak.

Edertasun au, izan beti da, ez da jaiotzen ez iltzen, ez urritzen ez ugaritzen, ez da aldez eder ta aldez itsusi, ez bein eder ta gero itsusi, ez batzuen aldean eder ta besteen aldean itsusi, ez emen eder ta an itsusi, ez batzuen ustez eder besteenez itsusi.

Ta ez diteke asmatu edertasun au aurpegi eder antzera, naiz gorpuzki antzera: ez ta arrazoiketa edo jakintasun antzera.

Ez dezakegu asmatu beste gauzetan datzala ere, esaterako bizidun batean edo lurrean edo zeruan edo beste nonai; bere baitan da ordea, beti erabateko, ta beste gauza ederrak ari darionetik dira eder, eta guziak jaio naiz galdu, ari ez zaio ezer erasten ez kentzen, eta ez da ezertxo aldatzen.

Onela, gorputz bat maitatuz asten dana, andik bi maitatzera igaro oi da, ta gero gorputz eder guziak, gero giza-jardun ederrak eta jakingai edo irakaskizun ederrak.

Azkenik, ederraren beraren ikaskizunera iritxiko da, ta ezagutuko du edertasuna bere baitan zer dan.